Ongi etorri Euskal Kostaldearen Historia ezagutzeko arkeologi eta monumentu multzora!

Zatoz Euskal Kostaldearen historia ezagutzera!

Euskal kostaldearen Burdin Aroa, Erromanizazioa, Erdi Aroa, eta garai bakoitzeko bizimodua, sinesmenak eta erritoak ezagutuko ditugu Santa Maria la Real arkeologi eta monumentu multzoa eta Zarauzko Arte eta Historia Museoa bisitatzerakoan.

Ba al zenekien Zarauzko Santa Maria la Real Parrokiako altarearen aurrean Burdin Arotik gaur arteko okupazioa frogatzen duten aztarnak topatuko ditugula? Alfonbrak altxatu eta eraikuntzen arrastoak aztertuko ditugu. Ordubeteko bisita gidatuan, kanpandorreko nekropolia ere bisitatuko dugu, eta kristalezko lurraren gainean kokatuko gara; erdi aroko hilobien gainean, garaiko pasarteak ezagutuko ditugu.

Bisita gidatuak

Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu Multzoa

Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu Multzoa Zarautz Kanpandorreak, Santa Maria la Real Parrokiak eta bi eraikuntzetan aurkitu den arkeologia-aztarnategiak osatzen dute; aztarnategian erromanizazioaren aztarnak eta Erdi Aroko nekropolia nabarmentzen dira. Kanpandorrean, Zarauzko Arte eta Historia Museoa dago.

  • Kanpandorrea herriko eraikin zaharrena da; XV. mendean eraikia izan zen, eta XVIII. mendean zati bat erantsi zitzaion. Jatorrizko erabilera ezagutzen ez dugun arren, badirudi defentsa-funtzioa zuela, horma sendoak bao urriei gailentzen zaizkielako, eta leihoek saietera-forma dutelako.

  • Egungo tenplu gotikoa, Parrokia, XV. mende bukaeran eraikitzen hasi zen, eta XVI. mendean eraldatu zen alboetako kaperak erantsi eta gaur egun duen gurutze latindarreko oinplanoa jartzeko. Barruan, azpimarragarriak dira erretaula barrokoa eta XV.mendeko hilobia; azken horretan dago lurperatua Lope Martinez de Zarauz, Gaztelako Henrike IV.aren Kontseilari izandakoa. Hilobiak Zarauz-Ganboarren leinuko armarria dauka zizelkatua.

  • Arkeologia-aztarnategian, zenbait okupazio-maila aurkitu dira, Burdin Arokoak zaharrenak eta aro modernokoak berrienak; bereziki garrantzitsuak dira erromanizazio garaikoak

Erreserbatu zure bisita

Interesa izanez gero, Zarauzko Alde zaharreko ondarea ezagutzeko bisita gidatuak egiten ditugu

Narros jauregia, Makatza etxea eta Torre Luzea eraikinak bisitatuko ditugu, horma barruko istorioak kontatzeko. Etorri!

Erlojua

Kanpandorrean dagoen erlojua 1910ekoa da, fabrikazio-datan ikus daitekeen bezala. 1962an, Santa Maria la Real elizak Udalaren esku utzi zuen. Egun horretatik aurrera, Udalak bere gain hartu du erlojuaren eguneroko mantentze-lanen ardura, baita erlojuak eskatzen duen mantentze-lanena ere.

Erloju honen mekanismoa oso konplexua da eta pisu batzuen laguntzarekin funtzionatzen du. Mota horretako erlojuak asko erabiltzen ziren XIV. mendean, batez ere elizetako kanpandorreetan. Ezaugarri hauetako zaharrena Ingalaterrako Salisbury katedralean dago, 1386an.

Erloju hau Benito Yereguik muntatu zuen, errementari-erlojugile saga bateko hirugarren belaunaldikoa. Torreko erloju egile gisa egindako ibilbide luzetik, Zarautzen bi erloju ditugu, bata hizpide duguna eta bestea gaur egun erabiltzen ez den Frantziskotarren elizan.

Museoa

Arrantza-tradizioko herria, XIII-XVI mende artean bale-arrantzan jardun zen Zarautz.

Zarauzko udalaren jabetzakoa den museora egindako bisitan, Zarauzko historiaren hainbat pasarte ezagutzen dira.

Erreserba guztiak Zarauzko Arte eta Historia Museoaren bitartez egin behar dira.

Bisita gidatuak

Santa Maria la Real monumentu-multzora bisita gidatua

Aztarnategia, nekropolia eta museoa bisitatuko ditugu eta gidari batek azalpenak emango ditu.

Iraupena: 1h

Prezioa: 2€

Zarauzko Alde Zaharreko ondarea ezagutzeko bisita gidatua

Parrokia, Narros jauregia, Makatza etxea, Dorre Luzea, zein da eraikin hauen atzean dagoen historia?

Iraupena: 1h

Prezioa: 2,50€